XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta honela, Lifen patioa edertzen igaro zituzten bi asteak eztei-festa batean luzatzen zirela zirudien, horrenbeste jaten zuten une bakarra baitzen.

- Nolatan duzu horrenbeste diru, alaba maite? galdetu zion azkenean, jakinguraz, emakumeetariko batek.

- Johannesburgon dirua ura bezala isurtzen da Lifek ihardetsi zuen bere barre alai eta urduriaz.

Hori nola lortu besterik ez duzu jakin behar.

Emakumeek eragozpenez hartu zuten berri hori.

Beraien golkorako pentsatu zuten ez zuela bizitza oso eredugarria eraman behar izan Johannesburgon.

Ekonomia eta zintzotasuna ziren herriko bizitzaren bi gai menderatzaileak, eta mundu guztiak zekien ezin zitekeela zintzoa eta aberatsa izan aldi berean.

Xentimo bakoitza kontatzen zuten eta bazekiten nola irabazi zuten: ahalegin haundiz.

Ez zuten ulertzen nolatan dirua izan zitekeen amaierarik gabeko putzu agortezina, beti zuen amaiera bat, lortzen zaila zen lur siku eta mortu hartan.

Elkarri esan zioten bere etorkizuna bideratuko zuela laster, lehenxeago edo beranduxeago neska argiek beti aurkitzen dute lana posta zerbitzuan.

Anitz emakume beltzi Johannesburgo bezalako hiri batek eskeintzen zien moduko lanpostua izan zuen Lifek.

Abeslari, edertasun-erregin, publizitate modelo eta emagaldu izan zen.

Horrelako lanbiderik ez zen izan herrian; ikasketarik gabeko emakumeentzat etxeko-lanak edo soroko lana zeuden, eta ikasientzat berriz, irakaskuntza, erizaintza edo eta bulegoko lana.

Lifek beregana erakarririko lehen emakume-andana nekazari eta etxekoandreena zen, zeinak herriko gune kontserbadoreena osatzen baitzuten.

Gizonen joan-etorri amaiezinak hastean, ez zuten denbora asko igaro berari bizkarra ematen.

Istilua sortzen zuena zera zen, Life zela bere burua negozio moduan saltzen zuen lehen emakume bakarra, gizonek bere zerbitzuengatik ordaintzen zioten.

Sexuarekiko jendearen jarrera zabala eta borondatezkoa zen.